2018(e)ko apirilaren 25(a), asteazkena

Justizia marxista eta irudimena


Justizia Marxista eta Irudimena

Juan José Angulo



Azken urteetan gero eta jende gehiagok Marxen testuak irakurtzen ditu, batez ere Das Kapital. Izan ere, krisia sortu eta gero, pertsona ugarik egoera honen kausak ezagutu nahi izan dituzte eta Marxek azaldu zuen kapitalismoan krisiak ziklikoak direla. Hau da, ekonomia liberalean behin eta berriro porrotak izan dira: ekonomia hazten denean produktu gehiago ekoizten dira, inbertsioa handia da; baina era berean soldatak ez dira igotzen eta, azkenean, produktu gehienak ez dira saltzen eta galerak oso handiak dira. Marxen arabera, horregatik krisiak gertatzen dira.



Horretaz aparte, Marx filosofo garrantzitsua da, zeren eta filosofian materialismo landu bat sartu baitzuen. Kritiko fina zen, kritika zorrotzak egin zituen; beste kontu bat zen alternatibak ematean. Edonola ere, bere teoria abiapuntu egokia da gizartearen eboluzioa ulertzeko.



Hau esanda, esan behar da Marxen teoriak, gutxienez, kontraesan handi bat dauka. Marxek eta Engelsek ez zuten justiziari buruz idatzi, hain zuzen ere. Nire ustez, marxismoa berdintasuna sozialaren aldeko izanda, justizia nozio zuzen bat izan behar luke. Bestela, esplotazioa ez litzateke ulertzekoa izango; azken finean, esplotazioa justiziaren kontrako egoera da. Biak ulertzeko bata eta bestea azaldu behar dira.



Hutsune hau ulertzeko Marxismo Analitiko Eskolara hurbildu naiz. . Izan ere, Eskola honek Marxen eta Engelsen kontzeptuak analizatu eta eguneratu zituen. Horretarako, Marxen bakoitzako ideiaren sustapena bilatu zuten eta jokoen teoria erabili zuten horretarako.



Justiziaren kasuan, eskola honen egileek gauza dezente esan zuten gai honi buruz. Miller-ren arabera, Marx amoralista zen eta horregatik ez zuen justizia aipatu. Husamik, ordea, uste du inplizituki justiziari buruz idatzi zuen. Eta Elster-ren ustez, Marxek bazeukan justiziaren nozio bat, Gothako programaren kritikan idatzitakoa: “bakoitzak ahal duena egin behar du eta banatu behar da bakoitzari bere kapazitatearen arabera”. Alabaina, Marxek testu horretan etorkizunari buruz idatzi zuen, etorkizuneko gizarte sozialistari buruz; eta ez zuen ebaluaketa morala egin edo kontzeptu etikoa aipatu. Beraz, ez da benetako justiziaren ideia.



Azkenean, marxismoa esplotazioaren kontrako filosofia da eta ez dauka justizia kontzeptu bat. Kontraesan hori azaltzeko, Gerald Cohen-ek idatzi zuen If You Are Egalatarian How Come You are So Rich?



Testu horretan Cohen-ek argitu zuen Marxek eta Engels-ek Hegel-en idealismotik urrundu behar zutela materialismo sustatzeko eta kausa materialei garrantzia emateko, eta horregatik ez zituela zuzen ideien papera aipatu. Horretaz aparte, sozialismo zientifikoa eraiki nahi zuten eta sozialismo utopikoen ideal moralak eta boluntaristak saihestu behar zituzten. Gainera, ideia moral nagusiak Ideologian edo klase altuen ideologian sartuta zeuden eta pentsamendu hori gainditu nahi zuten.



Dena den, Engelsek Blochi gutun bat bidali zion. Gutun honen arabera, Marxek eta hark pentsatzen zuten, nahiz eta azpiegitura ekonomikoa eta harreman sozialak oso inportanteak izan, ideiek eta borondateak bere papera daukatela historian. Behar materialek asko estutzen dute, baina azkenean langileek klase borroka parte hartzea erabakitzen dute eta hauek hori egiten dute klase kontzientzia daukatelako, ideiak dauzkatelako.



Hortaz, honelako kontzeptua eraiki behar da. Orduan, Theories of Distributibe Justice testua irakurri nuen, XX. Mendeko justizia distributibo teorien elementuak hartzea Roemer-rek iradoki zuelako.



Marxismoak baliabideak hobeto banatu nahi ditu. Beraz, bere justiziaren nozioa izango litzateke: Justua litzateke merituen arabera banatzea, langileei ekoizten den baliabideak ematea, klaseen arteko inposaketarik gabe, presioa, esplotazioa eta alienazioa barik ;eta, horrela, aukerak berdintasunean egotean.



Nozio hau aldi baterakoa da, kontzeptu sendoak marxismoaren ideietan etzan behar duelako. Hau sortzeko, marxismoaren kontzeptuetan oinarritu behar da ideia hau. Esplotazioa justiziaren kontrakoa izanda, hortik hasiko naiz. Esplotazio hori zehatz ulertzeko, Marxen eta Roemer-ren ikuspuntuak ezagutuko ditugu.



Marxen arabera produktu eta zerbitzua bakoitzak erabilera-balioa, bere erabilpena, dauzka. Adibidez, aterkiaren erabilpena da euria ez jasotzea. Hala ere, balio hori subjektiboa da. Beraz, neurri objektibo bat jartzeko, truke-balioa jartzen da produktuetan. Langileek lehengaiak produktu bihurtzen ditu eta lana (lan orduak, lan-balio) sartzen dute produktuan. Sartutako balioa gehigarria da, langileek balore gehiago sartzen dute: hori da gainbalioa, plusbalioa)



Jabeek langileei ez diete balore hori ematen, hori eman beharrean soldata ematen diete, balore gutxiago duena. Jabeek lan-indarra (esfortzua) ordaintzen dute, besterik ez. Beraz, hor esplotazioa dago.



Roemer-rek egindako A General Theory of Explotation and Class aztertu nuen. Roemer-ren arabera, esplotazioa existitzen da klaseak daudelako: klase baxuak klase altuen produzio bideak behar dituzte baliabideak lortzeko eta horregatik haien menpe daude. Klaseak daude jabetza pribatuagatik, eta produzio-bideak ez edukita eta baliabideak behartuta, langileek menpekotasuna daukate.



Hori dela kausa, jabeek langilei haien interesak inposatzen dituzte. Horrela, etekin gehiago lortzeko, jabeek langileak esplotatzen dituzte. Roemer-ren ustez, lanak balioa dauka, lan-balioa; langileek lan balioa sortzen dute eta produktuetan sartzen dute. Produktuak lan-balioa dauka eta beste produktu batzuek merkatuan balio bat daukate, prezio-balioa eta lan-balio antzekoak dira.



Hala ere, langileek soldata jasotzen dute eta hau ez da prezio-balioen antza edo ez dauka adina balioa; hortaz, hor esplotazioa dago.



Badakigu esplotazioa dagoela, zeren eta beste banaketa bat imajinatzen baitugu. Hau da, banaketa eta gizarte hipotetikoa asma dezakegu non hobeto banatzen diren baliabideak. Gaurko banaketa konparatuz konturatzen gara esplotazioan bizi garela, bestela pentsatuko genuke gure errealitatea nahitaezkoa dela. Irudimena beharrezkoa da esplotazioa nabaritzeko.



Roemer-ren arabera, historia aldatu zen esplotazioaren kontra borrokatu zuten jabegabetuek. Hau da, garai bakoitzean klase baxuek esplotazioaren kontra borrokatu zuten eta, horren ondorioz, gizartea aldatu zen eta, horrela, historia mugitu zen. Horretan datza materialismo historikoa.



Esplotazioa ikusteko irudimena beharrezkoa da, ideiak beharrezkoak dira: ideiek bere papera daukate historian. Ideien artean, justizia kontzeptua dago. Materialismo aztertu nuen ideien paper hori ikusteko.



Cohen-ek idatzi zuen Karl Marx´s Theory of History: A Defence, non materialismoa aztertu zuen. Egile honen arabera, lan-faktoreak (teknologia) hobetzeak produzio-bidea (enpresaren antolamendua) aldatzera bultzatzen du. Produzio-bide hori optimizatzeko, lan-harremanak mudatzen dira, esku gutxiei etekin gehiago eskuratzearren. Neurri zorrotzak inposatzen dizkiete langileei.



Menpekotasuna eta inposaketak jartzen dira etekin gehiago sortzeko eta horrek kontraesanak dakartza (esplotazioa, langileen egoera eta neurri zorrotzak jasanezinak direlako). Langileen egoera gogorra da eta hauek aldaketa nahi dute. Egoera materialaren ondorioz, aldaketaren grina sor daiteke.

Cohen-en ustez, nahiz eta faktore material horiek (beharrak) oso limurtzaileak izan, azken finean langileek klase borrokan parte hartzen dute bere arrazonamenduaren kausa. Hau da, momentu batean, bere egoera ikusita eta aldaketa posiblea dela (irudimena erabili eta gero) pentsatuta erabakitzen dute borrokatzea. Horregatik klase-borrokan parte hartzen dute eta gizartea eta historia aldatuko dituzte boterea hartutakoan.



Ideien dela kausa, jendea mugitzen da. Klaseen arteko borrokan inportantea da borondatea eta borondate hori ideien ondorioa da. Mugimendu hori ikusi behar da ideien papera ezagutzeko.



Jon Elster-rek jarrera soziala argitu zuen Explaining Social Behaviour liburuan. Bertan, indibidualismo metodologikoa erabili zuen. Metodo honen arabera, gizartea taldez beteta dago. Elster-rek taldeen jarrera azaldu zuen indibiduoa abiapuntu erabiliz.



Gizartean agente sozialak (indibiduoak) daude, agente horiek desioak eta sinesmenak dauzkate; desio eta sinesmen horiek premisak dira eta ondorioa erabakia da. Erabaki horrek indibiduoaren interesak betetzea bilatu nahi du eta momentu batean agente bakoitzak erabakitzen du talde batean sartzea, horrela bere interesak hobeto beteko dutelakoan. Hau da, indibiduoek pentsatzen du, taldeka ibiltzean, baliabide gehiago lortuko dute, bakarka ibiltzean baino.



Elster-rek konturatu zuen agenteak prest daudela elkarlanean ibiltzeko, baldin eta taldearen proiektua merezi duen (posiblea izanda eta arrisku handiak ez egonda). Horretaz aparte, joko sozialetan aztertuz, argitu zen agenteek berdintasuna eta justizia oso garrantzitsuak direla taldeka ibiltzean, tratu justu etekinak baino gehiago baloratzen dute. Taldeko agenteen artean justizia jarrera eta ideia nahitaezkoak dira.



Beraz, agenteak talde batean sartzeko, taldearen bidegarritasuna kontuan hartuz gain, proiektu justu bat planteatu behar da. Ondorioz, talde sendoa eraikitzeko proiektuaren bidegarritasuna, jokaera bidezkoak eta proiektu justua bultzatu behar dira.



Langileen klasea ere talde soziala bada eta talde honen berezitasunak aztertzea beharrezkoa da (egoki ulertzeko bere mugimendua). Langileek bizitzan arazo ekonomikoak dauzkate eta bere egoera hobetu nahi dute, hori da bere interes nagusiena. Arazo hauen kausa esplotazioa dela konturatzean, sumindura sortzen da eta borrokatzea erabakitzen dute. Baina berak bakarka borrokatzea ezinezkoa da eta langile guztiek interes berberak dauzkatela ulertzean, klase kontzientzia lortzen du eta lan borrokan sartu nahi du.



Grebetan eta lan borrokan arituko dira lan baldintza hoberen zain. Kontzientzia hori iraultzailea izango da klaseen arteko interesak guztiz kontrakoak direla pentsatzen badute. Horrela, langileen ustez, ez dago lekurik erreformen zain ibiltzeko.

Horrez gain, proiektu bidegarri bat asmatzea beharrezkoa da, bestela pentsatuko zuten euren errealitatea nahitaezkoa zela eta ez zegoela zer eginik.

Beraz, proiektu justua behar dute, proiektu berri bat, irudimenak sortu izana; eta proiektu errealista, nahiz eta irudimenezkoa izan.



Argi dago irudimena nahitaezkoa dela justizia marxista kontzeptua eraikitzeko, gizarte komunista ez delako existitzen eta imajinatu behar delako. Marxismoak ez zuen zuzen irudimena aipatu, baina Marx gazteak sormenari buruz idatzi zuen.



Zehazki, Marx-ek Ökonomisch-philosopische Manuskripte liburuan lan sortzailea aipatu zuen. Bere ustez, gizakiok berez sortzaileak gara. Hau da, natura aldatu behar dugu bizi ahal izateko eta gure nortasuna lantzeko. Lan hori sortzailea da eta lan horretan gure marka jartzen dugu.



Alabaina, kapitalismoan objektua, produktua, da helburua eta ez subjektuen grinak. Kapitalen logikan sartuta, objektuen eta merkatuen menpe dago, subjektua ez da helburua: xedea da objektu ahalik eta azkarren eta gehien sortzea, eta objektu horiek helburuak dira eta ez pertsonak, tresnak dira, besterik ez.



Egia esan, kapitalismoan langilea objetu bat da, merkantzia bat, hain zuzen ere. Izan ere, dirua, soldata, kostatzen denez, bera ere merkantzia ere bada: merkatuan sartuta dago eta. Marx gaztearen arabera, Kapitalismoan langileak objektuak dira, jabeek tresnatzat hartzen dituzte eta. Beraz, soldatako langileek alienazioa daukate.



Testu horretan Marx-ek sormenari buruz idatzi zuen. Marxismo Analitiko Eskolak ez zuen irudimenari edo sormenari buruz berez ezer idatzi; hortaz, beste eskola marxistarengana hurbildu nuen: Frankfurt-eko Eskola, hain zuzen ere. Eskola honek Marx gaztearen ideiak azpimarratu zituen eta alienazioaren kontrako idatzi zituen.



Eskola honetako egile bat Marcuse zen. Marcusek irudimenari buruz idatzi zuen Eros and Civilization testuan. Freud-en ustez, beti plazerraren bila ibili beharrean, errealitate printzipioan bizi behar dugu; hau da, errealitatearen arabera bizi behar dugu; eta horretarako errepresioa beharrezkoa da: baliabideak mugatuak izanda, gizartea bakarrik orekatzen da errepresio hori jarriz gero; bestela, guztion arteko borroka izango litzateke baliabide lortzeko. Eta horretaz aparte, desioa askatuta, besteak objektutzat hartuko genituzke, objektu sexualtzat, esklabutzat; mugak eta arau sozialak ez izateagatik.



Marcusen arabera, ordea, baliabideak ez dira mugatuak; kontua da banaketa ez dela justua eta banaketa horren erruz errekurtsoak ez dira guztiontzat. Beraz, errepresio hori ez da beharrezkoa, historikoa da eta alda daiteke. Plazerren bila mugi gaitezke, sexua goza dezakegu, mugarik gabe.



Jokabide printzipioan gaude eta ez errealitatearen printzipioan, errepresio hori diziplina inposatua da, historikoa da eta Ideologian oinarrituta dago. Diziplina honen aitzakia da gizartearen aurrerabidea eta baliabideen hoberen erabilpena. Ideologiaren arabera, kapitalismoan gehiago eta hobeto ekoizten da eta horretarako harreman sozialen banaketa beharrezkoa da, eta diziplina ere bai.



Hori defendatzen du zeren eta plazerraren bila ibiliz gero, baliabide gehiago eta bizitza hobea nahiko genituzke eta borrokatuko genituzke horien alde. Kultura ofizialaren arabera, plazerra bilatzea ezinezkoa da edo horrek kaosa ekarriko luke; alabaina, plazerra lor dezakegu ezer eskuratu gabe, eta horrela ez legoke inolako jabetzerik ez interes berekoirik. Horrela, ezinezkoa izango litzateke besteei objektutzat jotzea. Plazer hori estetikoa da, gozamena hau kontenplazioan datza eta, horrela, ez dago jabetzerik. Izan ere, zerbait begiratzean edo entzutean ez delako beharrezkoa produktua hartzea, kontenplatzea baizik.



Judizio estetikoan goza dezakegu interes izan barik. Edertasunaren bidez goza dezakegu eta edertasuna lor dezakegu gure irudimenaren bidez. Irudimenari esker irudi ederrak asma ditzakegu eta sormenaren bidez plazerra lor dezakegu.



Horretaz aparte, irudimena iraultzailea da, berari esker guk jokabide printzipioaz gain bizi gaitezke. Jokabide printzipioak ulermena erabiltzen du, gaur egungo errealitatea aurkezten du eta, horrez gain, berak dio gaurko errealitatea errealitate bakarra dela eta besteak pentsaezinak direla. Hala ere, irudimena erabiliz gero, beste gizarte batzuk asma ditzakegu eta langileak horren alde borrokatzera anima daitezke. Horregatik, irudimena iraultzailea da, berak nolabait iraultza bultzatzen duelako.

Kant-en arabera judizio estetikoan ulermenak (kontzeptu formala eta hutsala) eta irudimenak (irudi konkretuak) jokatzen dute. Bere artean jokatzen da judizio hori. Irudimenean irudi berriak sortzen dira edertasuna kontzeptua eguneratzeko, berpizteko eta osatzeko.



Irudimenak ideia berriak sor ditzake errealitateko elementuak beste era batean aurkeztuz. Gizarteen elementuak hartuz eta beste modu batean egituratuz, gizarte berri bat asma daiteke: irudimena iraultzailea da.



Irudimenari esker gozamena eskuratzen dugu. Lanean bera erabiliz gero, lana duina eta gizatiarra izango litzateke. Lan duin hori bizi garen gizartean ezinezkoa da, merkatuen eta kapitalismoaren menpe gaudelako: bere diziplina bete behar dugu. Momentu honetan, errepresioa edo diziplina zorrotza bultzatzen da, zeren eta gu poztasunaren bila ibiliz gero, lan baldintza eta sozial hobeak eskatuko genituzkeen.



Hala ere, beste gizarte bat posiblea da, non goza dezakegun irudimenaren bidez. Gizarte horrek produzio masiboa eta kontsumismoa bultzatu beharrean, sormena eta pertsonen barruko beharrak asetzera bultzatuko luke. Gizarte horretan, makinek oinarrizko baliabideak soilik sortuko lituzkete ta aisialdi nahikoa edukiko genuke lan sortzaile batean aritzeko. Horrela, posible izango litzateke gozamena eskuratzea.



Gizarte ludiko-estetikoa irudimena iraultzailaren adibidea da. Alabaina, oso abstraktua da eta Marcusek ez zuen zehaztu nola antolatzen den edo nola eraikiko den. Horregatik, beste adibide bati buruz idatzi nuen: Merkatuzko sozialismoa, Roemer-rena. Bere testu A Future for Socialism delakoan agertzen den eredua.



Merkatuzko sozialismoak gaurko elementuak erabiltzen ditu eta beste era batean antolatzen ditu. Langileen elkarteak, enpresak eta merkatua hartzen dira eta estruktura berrian kokatzen dira. Horrela, Roemer-ek hiru eredu asmatu zituen. Hirutan langileek enpreseetan erabakiak hartzen dituzte; hori dela kausa, banaketa justua ezartzen dute.



Enpresak daude lan merkatu “librean” eta elkarren lehiaketan daude. Hala ere, langileek erabakiak hartzen dituzte eta, horrela, boterea daukate banaketa hobea eta justuagoa jartzeko, klaseen arteko hierarkiarik gabe eta inposaketarik gabe.



Lehenengo ereduan langileek enpreseen jabeak dira eta erabakiak hartzen dute. Hark Arrasateko kooperatiben antza dauka: demokratikoa da (asanblearioa), berditasunaren aldekoa da (banaketa justua da) eta eraginkortasunaren aldekoa da (inbertsitzen da egonkortasuna lortzearren). Jabetza kolektiboa da eta ez dago jabe pribaturik, langile guztiak jabeak direlako. Denon artean enpresaren funtsionamendua antolatzen dute bera orekatuta egoteko eta, horrela, etekin gehiago lortzeko geroago guztiei era bidezkoen bidez ondo banatzeko.



Hala ere, oso zaila da langileentzat etekinak aurreztea inbertsioari begira edo oso zaila da erabaki hori aukeratzea. Horretarako, egokiena da bigarren eredua, non langileek jabetza daukaten, baina ez duten erabakia zailak aukeratzen. Bigarren ereduan ere jabetza kolektiboa da, baina zuzendari batzuek enpresak antolatzen dituzte (ez da asanblearioa).



Zaila da bi eredu hauek bat-batean jartzea, gaurko jabeak horren kontra daudelako. Eredu epel bat (ez hain erradikala) agian posibleagoa izango litzateke eraikitzea. Hirugarren eredua da kapitalismoa klase botererik gabekoa. Langileek enpresetako akzioak dauzkate eta horregatik ekonomia demokratikoa da, hierarkiarik gabekoa. Edonola ere, zalantzan dago enpresariek botere apur bat emango lukeela eta zergatik.



Hortaz, alternatiba marxistak hauek, alternatiba marxista guztiak bezala, kolokan daude: ez da oso argi arazorik gabe edo denbora luzean zehar errealitatean martxan jar daitekeen. Nahiz eta eredu hauek errealitatean oinarrituta egon, ez dira guztiz fidagarriak. Hala ere, hauek nahiko errealistak dira Arrasateko kooperatibaren antza daukatelako. Baliagarriak dira; eta abiapuntu egokiak dira geroago eztabaidatzeko, gizarteari buruz pentsatzeko, erreformei edo aldaketa politiko eta ekonomikoei buruz gogoeta egiteko eta, batez ere, gizartearen eboluzioa imajinatzeko.



Dena den, eredu guztiek gizarte honetako elementuak hartzen dituzte, baina hauek antolamentu berri batean daude: bere funtzioak ezberdinak dira, funtzioak propioak eta berriak dira.



Lehenengoan langileen elkarteak hartzen dira eta enpreseen antolakuntza hartzen dute. Bigarrenean enpresak daude, baina jabetza kolektiboa da. Azkenean, hirugarrean enpresak eta elkarteak daude. Berria dena da elkarteek enpreseen erabakiak hartzen dituela (akzioak dauzkatelako).



Beraz, merkatuzko sozialismoa irudimena iraultzailearen adibidea da: ereduetan daude gizartearen elementuak beste estruktura batean; hau da, gaurko elementu sozialak merkatuzko sozialismoan paper edo funtsio ezberdinak betetzen ditu, eta, horrela, gizartea guztiz berria da, irudimena sortutakoa. Irudimenaren bidez merkatuzko sozialismoa pentsa dezakegu, ez dago eredu hori errealitatean, baina irudika dezakegu nolakoa den irudimena erabiltzean; beste gizarte bat irudikatzen dugu gaurko elementu sozialak beste botere batzuekin kokatuz; eta, horrenbestez, irudi hori errealista da. Irudimena iraultzailea da beraren bidez beste mundu posible bat, mundu justu bat, asma dezakegulako.






BIBLIOGRAFÍA



-AZKARRAGA ETXEGIBEL, Joseba - 2006: Nor bere patroi. Arrasateko kooperatibistak aro globalaren aurrean. Gazteiz: Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco.



-AZURMENDI, Joxe - 1984: El hombre cooperativo. Pensamiento de Arizmendiarreta. Oiartzun: Caja Laboral Popular.



-COHEN, Gerald Allan - 2000: Karl Marx´s Theory of History. A Defence. New Jersey: Princeton University Press.

- 2001: Si eres igualitarista, ¿cómo es que eres rico? Trad. Luis Arenas Llopis y Óscar Arenas Llopis. Barcelona: Paidós.



-ELSTER, Jon - 1985: Making Sense of Karl Marx. Cambridge: Cambridge University Press.

- 2007: Explaining Social Behavior. Cambridge: Cambridge University Press.



-FREUD, Sigmund 1999: El malestar de la cultura. Trad. Luis López-Ballesteros. Madrid: Biblioteca Nueva.

- 1999: Más allá del principio del placer y otras obras. Trad. Luis López-Ballesteros. Madrid: Biblioteca Nueva.



-GORROÑO, José Ignacio - 1975: Experiencia cooperativa en el País Vasco. Bilbao: Leopoldo Zugaza editor.



-KANT, Immanuel - 2001: Crítica del juicio. Trad. Manuel García Morente. Madrid: Espasa Calpe



-KATZ, Claudio - 2010: La economía marxista hoy. Madrid: Maia Ediciones.



-MARCUSE, Herbert - 2002: Eros y civilización. Trad. Juan García Ponce. Barcelona: Editorial Ariel.



-Marx, Karl - 2003: Manuscritos de economía y filosofía. Trad. Francisco Rubio Llorente. Madrid: Alianza Editorial.



-MARX, Karl & ENGELS, Friedrich - 1985: La ideología alemana. Trad. Wenceslao Roces. Buenos Aires: Editorial Pueblos Unidos



-MARX, Karl - 2008: El capital. Trad. Pedro Scaron. México D. F.: Siglo XXI editores.



-RAWLS, John - 1971: Teoría de la justicia. Trad. María Dolores González. México D. F.: Fondo de Cultura Económica.



-ROEMER, John E. - 1989: Teoría general de la explotación y de las clases. Trad. Manuel Pascual Morales. Madrid: Siglo XXI editores.

- 1995: Un futuro para el socialismo. Trad. Antoni Domenech. Barcelona: Editorial Crítica.

- 1996: Theories of Distributive Justice. Cambridge: Harvard University Press.



-SCHILLER, Johan Cristof Friedrich - 1969: Cartas sobre la educación estética del hombre. Traducción: Vicente Romano García. Madrid: Aguilar



-SEN, Amartya Kunar - 1992: Inequality Reexamined. Cambridge: Harvard University Press.



-ZELAIA, Adrian - 1997: Kooperatibak Euskal Herrian. Bilbao: Udako Euskal Unibertsitatea.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Creative Commons License
This work is licensed under a Creative Commons Attribution 4.0 International License.