2013(e)ko abenduaren 19(a), osteguna

Gizon-gerlaria

"Gizon-gerlaria"

Juan José Angulo de la Calle


 Gure jendartearen ikuspuntutik, gizonok gerlariak edo sasi-gerlariak izan behar dugu. Hau da, jendartearen arabera, gizonok gogorrak, ausartak eta kementsuak izan behar dugu. Tamalez, normalean gizona oso gogorra eta ekintzailea izan ezean, gainerakoek “koldarra”, “ahula” edo “maritxua” deritzote.  Batzuen esanetan, identitate hau biologian oinarritzen da, baina, nire ustez, kulturala da eta, beraz, aldagarria da.  Rol horren erruz, gizon batzuk bortitzak dira eta tratu txarrak ematen dizkiete euren bikotekideei euren “boterea” eta “autoritatea” frogarazteko.


Aditu batzuek honi buruz idatzi zuten Philosophical Transactions B delako aldizkarian. Aldizkari honen iritziz, jokaera maskulinoa biologikoa da eta sortu zen eboluzioaren ondorioz. Hots, antzina tribu bat osatzeko eta gizonen helburuak lortzeko, gizonek gogorrak izan behar zuten taldea babesteko eta emakumeok, ordea, baketsuak izan behar ziren, gudetan erasoak jasotzeko arrisku handiagoa zeukatelako. Tesi honen aburuz, biologiaren ondorioz, jokaera hauek gaur egun jarraitzen dute eta, joera horren erruz, gizonok lehiakortasun handia daukagu eta horren ondorioz gatazkak eta gudak gertatzen dira; eta, halaber, emakumeak bitartekoak dira.

Ildo horretatik, Lou Marinoff filosofoaren arabera, emakumeak eta gizonak ezberdinak dira genetikoki. Hau da, haren aburuz, gizakiok primateak gara eta horregatik primateen jokaerak dauzkagu. Haren iritziz, eboluzioa dela kausa, gizonok  ausartak, gogorrak izan behar dugu taldea babesteko eta emakumeek hurbilak eta maitagarriak izan ohi dira seme-alabak zaintzeko. 

Hala eta guztiz ere, aditu hauek esan diotenari desegokia deritzot. Izan ere, askotariko emakumeak eta gizonak daude, eta horrek esan nahi du gure izaera ez dagoela finkatuta. Esaterako, Margaret Thatcher emakumea zen eta nahiz eta bi X kromosoma eduki, nahiko gogorra eta menderatzailea zen. Hortaz, pertsonok ez daukagu izaera finkorik.

Are gehiago, munduan zehar askotariko paperak daude eta, horrez gain, historiaren arabera, rolak aldatzen dira denbora pasa ahala. Beraz, rolak ez dira naturalak.

Elisabeth Badinter filosofoaren ustez, jendarteko emakumeen eta gizonen jokaera arrunta rol kulturala da, ziur aski, etxean hezkuntza bidez zabaltzen direnak.  Hots, gure gurasoek ez dituzte beren semeak eta alabak berdin tratatzen eta bakoitzari heziketa eta balore propioak ematen dizkiote.  Adibidez, euren jostailuak sexistak dira, irakasten dituzten baloreak eta rolak ezberdinak dira... esaterako, neska batek negar egiten duenean bera kontsolatzen dute eta, mutil bati, ordea, esaten diote mutilek ez dutela negar egin behar ausartak direlako. Beraz, gurasoek semeei irakasten diete gogorrak izan behar direla mutil “normala” izateko. 

Bestalde, telebistan ohiko rolak agertzen dira eta umeek denbora luze ematen dute telebistaren aurrean.  Horrenbestez, hartara betiko ohiturak normaltzat hartzen dituzte kritikarik gabe.  Honen ondorioz, batzuek sub-kontzienteki barneratzen dute emakume batekin harremanetan egonez gero, mutilek agindu behar dutela edo, behintzat, txartzat hartzen dituzte emakumeen kexuak eta erantzun kritikoak.  Hau gertatzen da zeren eta gizon hauentzat honelako erantzunak euren burua eta boterea zalantzan jartzen baitituzte, eta euren lagunek “praka-jario” deritzote askotan.  Tamalez,  muturreko kasuak gertatzen dira eta honetako gizonek eraso sexisten eragile bilakatzen dira.  Beraz, rol hauek aldatu beharra dago.

Laburbilduz, nahiz eta aditu batzuek kontrakoa esan, gizonen identitatea kulturala da eta heziketa kontua da. Ondorioz, gure jokaerak ez dira finkoak, alda ditzakegu eta aldatu behar dira.


-Marinoff, Lou 2003: Pregúntale a Platón: Cómo la filosofía puede cambiar tu vida.
Barcelona: Ediciones B

-McDonald, Melisa M. et al   2011: “Evolution and the psycology of intergroup conflict: the male warrior hypothesis”, Philosophical Transactions of the Royal Society B, n. 367, pp. 670-679.

-Badinter, Elisabeth  1993: La identidad masculina XY.  Madrid: Alianza Editorial.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Creative Commons License
This work is licensed under a Creative Commons Attribution 4.0 International License.